Zuotariko askok sobran ezagutzen nauzue baina, badaezpada, neure burua aurkeztuko dut: Aitziber Irigoras naiz, eta KBE Arruperen kidea naiz Durangon. 2012an behin betiko konpromisoa egin nuen. Juan Garibirekin ezkonduta nago, eta seme­alaba biren ama naiz.

Artikulu hau idazteko eskaera egin zidan duela urtebete gure presidenteak, eta urte luze honetan eskari hori saihestu izan dudala aitortu beharra daukat. Nigan duen uste ona gehiegizkoa da, eta zinez pentsatzen du artikulua aproposa izan daitekeela aldizkarian argitaratzeko. Egia esan, ez dut neure burua bidezkotuta ikusten KBEko nire izaera arlo politikoan nola garatzen dudan azaltzeko. Dirudienez, erantzuna borobila izan beharko litzateke, hots, batak eta besteak elkarrekin bat egin beharko lukete oso­osorik. Bi bokazioak bete­betean uztartuta egon beharko litzatekeela ematen du. Alabaina, nik ez dut horrela sentitzen. Horretara, ahal den erarik naturalean, kristau baten egunerokoa udal politikan kontatzen ahaleginduko naiz. Seguruenik ez da izango gutariko gehienok buruan daukaguna KBEko kide baten jokabidea irudikatzean. Nire mugak aitortzen dizkizuet, eta, aldez aurretik, barkamena eskatu ere.

Nire lehenengo oroimen kontzienteetatik hasita, oso gogoko izan dut politika beti. Oso familia abertzalean jaio eta hazi nintzen. Nire aitite­amamek gerra eta zapalketa frankista bizi izan zuten, eta euren sufrimenduak nire haurtzaroan eragin nabaria izan zuen. Aurrerago, gainerako arloetan bezala, bihotzetik sartutako hura arrazoimenetik igaroarazi nuen. Nire aburuz, horixe berori esan dezaket Jaungoikoaren esperientziari buruz. Hori da nire bizipena bederen.

Oso gazte afiliatu nintzen EAJ­PNV alderdian, 18 urte nituelarik, hain zuzen ere, gaztaroaren grinak pil­pilean nituenean. Egia da pare bat urte lehenago hasi nintzela jada lankidetzan. Gutxi gora behera garai berberean deskubritu nuen KBE Durangon izango zenaren hazia. Eta prozesu biak aldi berean garatu ziren, batzuetan elkarrekin topo eginez, eta beste batzuetan elkarrengandik urrunduz. Egia esan, niretzat bi bokazioak bateragarriak ziren, osagarriak: sinestun bokazioak aukera politikora bultzatzen ninduen, baita suspertu […]