Zuotariko askok sobran ezagutzen nauzue baina, badaezpada, neure burua aurkeztuko dut: Aitziber Irigoras naiz, eta KBE Arruperen kidea naiz Durangon. 2012an behin betiko konpromisoa egin nuen. Juan Garibirekin ezkonduta nago, eta seme­alaba biren ama naiz.

Artikulu hau idazteko eskaera egin zidan duela urtebete gure presidenteak, eta urte luze honetan eskari hori saihestu izan dudala aitortu beharra daukat. Nigan duen uste ona gehiegizkoa da, eta zinez pentsatzen du artikulua aproposa izan daitekeela aldizkarian argitaratzeko. Egia esan, ez dut neure burua bidezkotuta ikusten KBEko nire izaera arlo politikoan nola garatzen dudan azaltzeko. Dirudienez, erantzuna borobila izan beharko litzateke, hots, batak eta besteak elkarrekin bat egin beharko lukete oso­osorik. Bi bokazioak bete­betean uztartuta egon beharko litzatekeela ematen du. Alabaina, nik ez dut horrela sentitzen. Horretara, ahal den erarik naturalean, kristau baten egunerokoa udal politikan kontatzen ahaleginduko naiz. Seguruenik ez da izango gutariko gehienok buruan daukaguna KBEko kide baten jokabidea irudikatzean. Nire mugak aitortzen dizkizuet, eta, aldez aurretik, barkamena eskatu ere.

Nire lehenengo oroimen kontzienteetatik hasita, oso gogoko izan dut politika beti. Oso familia abertzalean jaio eta hazi nintzen. Nire aitite­amamek gerra eta zapalketa frankista bizi izan zuten, eta euren sufrimenduak nire haurtzaroan eragin nabaria izan zuen. Aurrerago, gainerako arloetan bezala, bihotzetik sartutako hura arrazoimenetik igaroarazi nuen. Nire aburuz, horixe berori esan dezaket Jaungoikoaren esperientziari buruz. Hori da nire bizipena bederen.

Oso gazte afiliatu nintzen EAJ­PNV alderdian, 18 urte nituelarik, hain zuzen ere, gaztaroaren grinak pil­pilean nituenean. Egia da pare bat urte lehenago hasi nintzela jada lankidetzan. Gutxi gora behera garai berberean deskubritu nuen KBE Durangon izango zenaren hazia. Eta prozesu biak aldi berean garatu ziren, batzuetan elkarrekin topo eginez, eta beste batzuetan elkarrengandik urrunduz. Egia esan, niretzat bi bokazioak bateragarriak ziren, osagarriak: sinestun bokazioak aukera politikora bultzatzen ninduen, baita suspertu ere nire ustez bidezkoa zena bilatzeko. Nire barnean politikan musutruk parte hartzea zera zen: sentitzen nuena egunean­egunean irudikatzea. Zaila da hitzekin azaltzea. Beharbada egokiena izango litzateke nire bizitza eta nire sentimenduak bat zirela esatea. Bizitzak eta sentimenduek koherentzian topo egin zuten.

Karrera bukatutakoan, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide­Fakultatean hasi nintzen lanean, irakasle moduan, eta ezkondu ere egin nintzen. 2003an Udal Hauteskundeetan zerrendako bigarren postua proposatu zidaten. Urte horretako ekainetik 2008ra arte Alkateorde izendatu ninduten. 2008an Alkatea zendu zen, eta ordutik aurrera nire Udalerriko Alkate hautatua izan naiz.

Honaino “nola izan daiteke” kontatu izan dut. Hemendik aurrera “nola den” kontatu nahi dizuet. Senarrari zer eta zelan kontatzeko aholkua eskatu diodala ere ohartarazi nahi dizuet. Gaur egungo egoerari helduta ez da kontu erraza. Zoritxarrez, egunero­egunero irakurri, ikusi eta entzun egiten ditugu korrupzio politiko, ustelkeria etab. luze bati buruzko albisteak. Badira, zalantza barik, muga guztiak zeharkatu dituzten politikariak. Edonondik begira dakiola ere, nire esperientzia oso bestelakoa da. Kolore politiko guztietako alkate zein zinegotzi ezagutu ditut. Gehienetan ez naiz ados egon eurekin (ezta nire kolore politikoa dutenekin ere). Baina zintzotasunez esan beharra daukat pertsona horiek guztiak hedabideetan agertzen diren estereotipoetatik oso urruti daudela. Eta, apaltasun falta iruditu arren, nire burua ere irudi negargarri horietatik urrun ikusten dut.

Nire ustez asko eta asko gara (sinestunak edo sinesgabeak) muga zurrun (lerro gorri) gaindiezinak ezarri ditugunak. Nire kasuan, badago erreferentzia garbia: bizimodua Jainkoaren esperientziatik begiratzeko nahia. Beste kasu batzuetan norberaren kontzientzia izango da abiapuntua. Ez dakit. Hala ere, badago argi daukadan zerbait, hots, susmopean egon baino askoz ere lehenago, zalantzaren itzalpean egon baino askoz ere lehenago, gutariko askok gure jardueran jasotako opariak bueltatu egiten genituen, jaso izanaren adierazpenarekin, badaezpada. Benetako heroiak bezala, polita izango litzateke legez kanpoko ordainketak eskaini dizkidatela eta nik neuk uko egin diedala esatea. Alabaina, gezurretan ibiliko nintzateke, sekulan ez dudalako halako aukerarik izan, ez didatelako inoiz ere halakorik eskaini.

Egia da, izan ere, oso une latzak egon direla. Bihotza eta gogoa beren beregi agerian jarri behar ziren uneak. Batzuetan, gizatasunez, beste alderdi batzuetako kideak sustatu eta sostengatu beharra zegoen, gehienbat, indarkeriari loturiko momentuetan. 2009an ETAk bonba bat jarri zuen PSE­EEren egoitzan. Bonbak eztanda egin zuenean bozeramaile sozialista eta biok Ertzaintzaren kordoi barruan geunden, egoitzan sartzeko prest. Eta ia lortu genuen. Txiripaz libratu ginen, baina huraxe zen gure lekua. Bertan egon behar genuen.

Asko ikasi dut urte hauetan guztietan. Itzel ikasi dut. Batez ere jendeak irakatsi didana. Harritzeko gaitasuna neureganatzen ikasi dut. Unean­unean zer egin behar den jakitea baino pertsonek zer nahi duten entzutea garrantzitsuagoa dela ikasi dut. Batzuetan egin ahal den gauza bakarra negarrean laguntzea baino ezin dela egin ikasi dut. Nire iritzietan horren zurruna ez izaten ere ikasi dut. Idealismoa eta errealismoa elkarrekin dantza egiten uztea ere ikasi dut. Batzuetan orain “pertsonago” naizela uste dut. Mesedez, ez dezatela azken hori kazetariek eurenganatu…

Astebururik ez dago zerbitzu honetan. Kalean nagoenean Alkatea naiz: jendea euren ardurekin eta euren kexekin hurbiltzen zait, eta laster nabaritzen dut espaloietako zikinkeria, gainezka dauden paperontziak edota solte dagoen harriren bat. Nire bi seme­alaben haurdunaldiak eta erditzeak gure herriko hedabideetan albiste izan dira eta, bide horri jarraituta, euren izenak ezagunak izan dira ia aldi berean irakurleen artean eta nire senitartekoen artean. Emakumea baino, gizona izango banintz, ez litzateke halakorik gertatu izango. Baina ez diot uko egiten esperientziari. Ez naiz ari azpiegiturak eraikitzeari buruz edota proiektuak inauguratzeari buruz. Pertsonekin egoteari buruz ari naiz. Batzuetan pertsonei benetako laguntza emateko aukerarik gabe. Ez nabil bat­batean heldu eta asmatu duenaren esperientzia kontatzen. Ez dago beharrizan guztiak asetzeko dirua sortuko duen makinarik, ez daukagu berehala sufrimendua arinduko duen hagatxo magikorik. Errespetu osoa erakutsi nahi diet hori uste eta horren arabera euren botoa erabakitzen dutenei, baina horixe ez da nire esperientzia. Niretzat, jendearekin egotea da gakoa.

Duela urte asko elkarteko kide batek esandakoarekin bukatu nahi dut: koherentziak konpromisora eramaten gaitu, eta konpromisoak koherentziara. Horretan nabil. Euskaldunbarriaren antzera, ikasten ari naiz.

Mila esker.